La utilidad y los inconvenientes de vivir entre espectros
edo Veneziako ondareari buruz…
Gaua da. Hotz
egiten du. Nabaria da oraindik aurreko egunetako acqua altak utzitako usain gogorra. Artez, kulturaz eta
historiaz blai dago giroa. Rialto zubia igaro eta eskumatara jo dut. Karrika estuek
denboran atzera naramate. Beste kale bat ezkerretara, zubi bi eta berriro
norabidez aldatu. Azken zubia zeharkatuta hortxe dago la Fenice, San Fantin
elizaren aurrean; iraganeko antzezlan eta emanaldiak irudikatzen ditut, baita
otsaileko inauteri dotore eta koloretsua ere. Ez da ordea nire bidea amaitu, aurrera
segi eta rio -kanal estu eta txikia- bat
igarota arkuetara heldu naiz. Nire aurrean San Marcos, garai bateko arkitektura
bizantziarraren adibide. Nire begiek fatxada aztertzen dute Palazzo
Ducalearekin topo egin arte. Badakit nire ibilaldia amaitzear dagoela, laster hotelera
itzuli beharko dut biharamunean goizeko lehen hegazkina hartzeko eta beraz,
azken segunduak luzatzen saiatzen naiz. Gustoko dut hiri flotante hau negu
hasieran; turista gutxi dago eta zeruak kolore berezia du. San Marco eta San
Teodororen zutabeen artean ikusten dut. Nire aurrean dago ur geruza lasai batek
banatzen gaituelarik. Ziurrenik Palladioren eraikin garrantzitsuenetarikoa
izango da. Altxaera nagusia begiratzeak lasaitasuna eragiten dit eta bide batez,
aurreko urteetako bisitak gogorarazten dizkit. Berokia lotu eta eskuak
poltsikoan sartzen ditu; amaitu egin da nire amets txikia, ez dakit noiz
itzuliko naizen, baina argi dago hurrengorik izango dela. Txunditu egiten nau
hiri honek bisitaria liluratzeko duen gaitasuna, etortzen naizen bakoitzean
gauza desberdinak ikusten eta ikasten baititut. Alde egiteko ordua heldu da eta
hotelerantz abiatu naiz, ez ordea, begiak atzera bueltatu gabe, handitasun
hori nire erretinan betirako gorde nahian.
Beharbada guganaino heldu dena ez da Veneziaren bertsiorik onena, baliteke arkitektook hiria irakurtzen jakin ez izana, agian malabarismoak egiten ari gara Agambenek dioen bezala, errealitatea eta hiria desitxuratzen apika. Batek daki.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina