2013(e)ko azaroaren 29(a), ostirala

ZAMORAKO ONDARE ERROMANIKOAREN IKERKETARAKO ZENTROA | Oinarrizko proiektua


 
 Aurreko sarrera baten aurkeztutako proiektuaren garapena da hau, bertan adierazitako programa eta forma neurri zehatzetara eramanda. Forma aurre-entregan azaldutakoa da, jada existitzen den hormari lodiera ematen diona eta altueran gradualki igotzen dena.

Funtzioen programa ere ez da askorik aldatu. Honakoa da:
_Behe solairuan: erakusketa gela (altuera bikoitza), hall-a, bi komun, areto nagusia (altuera bikoitza), hiru tailer (altuera bikoitza), laborategia, idazkaritza, instalazio gela eta kafetegia.
_Lehen solairuan: bulegoak, komunak eta bilera gela. 
_Bigarren solairuan: lau gela, lau mintegi, komunak, liburutegia eta artxibategia (azken bi hauek altuera bikoitzekoak). 




 
 
Egiturari dagokionez, hormigoizko portikoen bidezkoa aukeratu dugu, kanpoko perimetroari atxikitako kargahormaz eta, beste aldean, zutabe apantailatuez osatua. Habeak agerian utziko dira sabaiaren konfigurazioa egiteko. Erakusketa gelan, areto nagusian eta liburutegia, gainera, argi zenitala aukeratu da; horretarako, habeen koadrikula proposatu da, aire-ganbara erdian sortzen duten beirazko bi azalez estalia, argia horietan zehar sartzen delarik (irudiak ikusi).

Materialak aukeratzerakoan, beste alde batetik, soiltasunera eta garaikidetasunari jo da, beirarekin eta aluminiozko txapekin jolastuz. Guk egindako fatxadak (barrukoak eta kanpokoei egindako gehigarriak), modulatu dira aluminiozko fatxada aireztatua egiteko, guk egindako kargahormaren kanpoko aldean, kokatuta, existitzen den fatxadarekiko atzeratua, beraz. Beirazko leihoak, berriz, aluminiozko txapa perforatuen atzean ezkutatu dira, barruko alineazioa jarraituz. Aluminiozko txapa zulatu hauek, gainera, zabal daitezke, argi gehiago nahi izanez gero, fatxadaren erregulartasuna eta izaera aurrefabrikatua egunerokotasunarekin "kutsatzeko" aukera emanez.
 





2013(e)ko azaroaren 22(a), ostirala

DSS2016EU | AURRE-EMATEA

 

Ondoko elementuetan oinarrituz...
_Behe solairua
_Estalkia
_Patioa
_Easo kalea
_San Bartolomeko horma
_Bainuetxeak

...eta programa finkatuz,
_Erakusketa (behe solairuan + patioan)
_Tailerrak (behe solairuan)
_Zinea (fatxada nagusian proiektatua): Pantaila 14,22x8 m-koa izan daiteke, 16:9 formato zinematografikoa erabiliz.
_Kafetegia (estalkian)
_Komun bloke aurrefabrikatua, mugikorra (behe solairuan + estalkian)

Eraikina, horma, patioa eta bainuetxea lotzen dituen ibilbidea proposatzen dugu. Andamioa oinarrizko elementu gisa, modulazio bidez sortu dira ibilbideak. Hauek erabilera bikoitza izango dute, erakusketa jarrai baten euskarri izateko aukera ematen baitute. Honen gehigarri gisa kontenedoreak tartekatzen dira, bai erakusketaren zati babestuagoak, bainugelak eta kafetegia (azken bi hauek estalkian kokatuak) jasoko dituztelarik.
Azkenik eraikinaren fatxada nagusian proiekzio ezberdinetarako oihala zintzilikatuko da, hormaren kontrakoandamio egituran sortzen diren balkoi modukoetan hauek ikusteko gunea eskainiz.

 


Egitura definitzeko andamio katalogoetara jo dugu, neurri estandarizatuetan oinarritu eta guztia hauen baitan modulatuz.

Kontenedoreen kasuan ere berdin egin dugu, merkatuan dauden neurrien artean egokien dagokiguna aukeratuz. Irudietan ikus daitekeen bezala urdin kolorea emango zaie, Kultur Hiriburuaren ekimeneko kolorea hau baita.




2013(e)ko azaroaren 18(a), astelehena

“Patioak eta hormak, Miesen garaia” Testu bilduma

Testu multzo honetan, zenbait autorek (Luis Fernández-Galiano, Terence Riley, Fritz Neumeyer eta Iñaki Ábalos) euskarri desberdinetan(AV, El Croquis eta La buena vida) Miesi eta bere arkitekturari buruz idatzitakoa biltzen da. Miesen eraikinak eta berak etengabe erabilitako baliabideak garaiko gizartean eta testuinguru politikoan azaltzen dizkigute.

Oso famatuak eta ezagunak dira Miesen patiodun etxeak, azal bikoitzekoak, kanpoko horma zurrun eta opakoa eta etxeko beirate garden eta efimeroak. Eraikuntza hauek ez dira inguruarekin erlazionatzen, topografiara moldatzen edo kanpora irekitzen. Edonork pentsa dezake helburua pribatutasuna lortzea dela eta egia esan, hala izan daiteke atmosfera berezi horietan, baina irakurketa alderantziz egin daiteke; etxe hauen helburua kanpoko mundua ezabatzea baita. Kontua ez da kanpotik barrua ez asmatzea, baizik eta barrutik kanpoa ez nabaritzea.

Gauza bera gertatzen da Miesen beste zenbait eraikinetan, lehen ikusian irekiak eta zeharrargiak diruditen arren, kanpotik banatzeko nahia ere igartzen zaie. Bere arkitekturaren interpretazio hau erabil dezakegu, Zamorara bueltatuz, gure ikerketa zentroa definitzeko. Hasiera batean itxia den partzela, izaera horrekin jarraituko du, kanpotik ezer ez ikusteko baina, batez ere, barrutik kalea ez antzemateko klima berezia sortuz. Efektu desberdinak lortuko ditugu norabide berdinean: isolamendua, denbora igarotzen ez denaren sentsazioa, lasaitasuna, kontzentrazioa…


2013(e)ko azaroaren 15(a), ostirala

ZAMORAKO ERROMANIKOAREN IKERKETA ZENTRUA | Ereduak

Zamorako proiektu nagusiarekin jarraituz, fatxada konposatzeko eta antolatzeko estrategia baten bila gabiltza. Helburua, dagoen horma errespetatzea izango da, horren barruan kokatuz eta hura eszenografia bezala erabiliz. Horretarako eredu eta modu desberdinetara jo dugu.
 
Adibide hauetatik ondorioztatzen da, proiektua eranskin baten moduan planteatua izan dela; aurrexistentzia ulertu, onartu eta errespetatzen duen gehigarri bat bezala, alegia. Horregatik, oso garrantzitsua da ongi integratuko den bolumen bat lortzea (porportzioak, kalearen definizoa, itxura, materialtasuna…) eta aurrekoarekin erlazioan egongo dena. Era berean, garrantzitsua da ere elementu berria bere aldetik irakurri ahal izatea eta gehigarri bat dela ulertzea.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, badirudi egokia litzatekeela gure Zamorako eraikin hori hormen artean garatzea, hauek errespetatuz eta mantenduaz, baina izaera propioa edukiz. Garrantzitsua da elementu solido bezala irakurtzea eta beraz, material bakarrekoa izatea. Beira aukera hona bada ere, gehiegi izan daiteke eta zerbait opakoagora joko dugu. Soluzioa metala litzateke, aluminioa edo zinka, esaterako (corten-a kolore aldetik gogorragoa da) eta perforatuta erabil dezakegu aireztapena eta argiztapena bermatzeko. Kanpotik itxura uniformea eduki behar duen bitartean, barrutik beste jolas bat egitea ahalbidetuko digu, non arauak guk jarriko ditugun (beirateak metalezko labainkorrekin  edo kontra-leihoekin, hutsuneak, hegalduarak…).

Caixa Fórum Madrid (2008) Herzog & de Meuron
 
Museo de las Culutras, Basilea (2001-2010) Herzog & de Meuron
 
Elbphilharmonie Hamburg (2003- ) Herzog & de Meuron 
 
Museo Nacional Escultura San Gregorio, Valladolid (2008) Nieto-Sobejano

Moritzburg Museum, Salle, Alemania (2008) Nieto-Sobejano
 
Alhóndiga Bilbao (2001-2010) Philippe Starck
 
Museo Semana Santa de Hellín, Albacete (2002-2011) Exit Architects

2013(e)ko azaroaren 11(a), astelehena

ARKITEKTURA BIZIMODU GISA

Produkzio urte luzeen ostean, aurtengo apirilean estreinatu zen Archiculture dokumentala Newport Beach Film-eko festibalean. Karrera amaierako proiektuan murgildutako ikasle gazteen bizitza aitzakiatzat hartuz, arkitektura jakintzaren indarguneak eta arriskuak azaltzen dira. Shigeru Ban, Thom Mayne, Ken Frampton eta Phil Bernstein, beste askoren artean, azaltzen dira filmean gure disziplinarekiko kritika interesgarriak isuriz.

Gogoeta desberdinen artean, hauek azpimarratu genitzake:

_Ez zara arkitekturan sartuko ez baduzu sinesten mundua hobeagoa izan daitekeela.
_Galdera berdinak dituzten pertsonen komunitatea da, bigarren etxe edo familia bat.
_Deigarria da arkitektura ikasleak zeinen optimista agertzen diren.
_Egungo belaunaldia munduari inoiz ikusi izan ez zaion forma berria emateko gai da.
_Ikasleak bultzatuak izan dira era desberdin batean pentsatzeko.
_Ez da bakarrik estalki bat eta lau horma.
_Ez bazaitu honek kezkatzen, zerk arduratzen zaitu?
_Zerbait ez baduzu gustoko, egizu zeozer hura aldatzeko.

                                  Hona hemen filmaren trailerra:
 


Horri lotuta, baina ekimen guztiz independentea izanda, beste bideo hau dugu; 2008-2013 bitarteko ETSA-UPVko ikasleen bizipenak eta gogoetak jasoz:
 

2013(e)ko azaroaren 8(a), ostirala

ZAMORAKO ONDARE ERROMANIKOAREN IKERKETARAKO ZENTROA | Aurre-ematea

Proiektua gaur egun perimetroa ixten duen horman oinarrituta dago, hau manteduz eta lodituz, programaren erabilerak hormaren lodieraren barruan moldatzearen punturaino. Beraz, horma ahal den neurrian mantenduko dugu; guk gehitutako fatxada aurrexistentzia baino barrurago altxatuko da eta honekin kontrastatzen duen materialez (beirateak...) gauzatuko da.

Hala ere, perimetroa puntu garrantzitsu konkretu batean hautsi dugu: katedralaren plazara ematen duen zatia, zatirik publikoena. Puntu hau sarrera egiteko erabili dugu, baina ez berehalakoa, patiora bideratzen gaituena baizik, eraikin osoaren erraiak ezagutu ditzagun. Izan ere, barne patioa gure proiektuaren beste oinarria da; hall edo banatzaile funtzioa betetzen du, erabilera ezberdineko espazioen sarrerak hemendik egiten baitira. Gure eraikina, ondorioz, introspektiboa dela esan daiteke, kanpora ematen dituen aurpegiak betidanik izan dituenak direlarik, eta hauen atzetik beraien eduki berria ageri delarik.

Proiektuak, ikus daitekeenez, ibilbidearen ideia jorratzen du, patioak higidura gehienak barne hartzen dituelarik. Eraikina ulertzeko, ibili behar da, bere horma jarraitu. Hala eta guztiz ere, ibilbidea ezin da planoan soilik ulertu, hiru dimentsiotan baizik; eraikinan aurrera joan ahala, bere altuera ere gehituz doa, muinoa liburutegia barne hartzen duen espazio trapezoidala delarik.
 
 
 
 
 
 
 
 


2013(e)ko azaroaren 7(a), osteguna

PIXEL CLOUD | Marcos Zotes, Reikiavik (2013)

Donostia 2016rako egoitza izango den Easo kaleko proiektuarekin jarraituz, egitura arina, azkarra eta desmuntagarria eskatu digute. Horregatik, adibideak bilatu eta proiektu interesgarri hau aurkitu dugu.

Krisiaren garaian soluzio modura sorturiko aldi baterako “instalazioa” dugu hau. Krisia eta denboraldi motza ideiak lotzean material merke eta bizkor eraikitzeko/desmuntagarriak datorzkigu burura. Proiektu honetan andamioak eta tela dira oinarri hauek lortzeko oinarrizko material bakarrak. Telaren ezaugarri bereziak direla eta (argia islatu eta aldi berean igarotzen uzten duena), ekintza ugari jaso daitezke bertan, proiekzioak baliatuz. Era berean, hiri erreferente eta gizartearen adierazpidea eta ikurra ere bada.







PIXEL CLOUD from UNSTABLE on Vimeo.

2013(e)ko azaroaren 6(a), asteazkena

PUNTU ITSUA | OIER ETXEBERRA + VÍCTOR IRIARTE

Gaur, azaroak 6, Kristine Enea fundazioko Oier Etxeberria musikaria eta Tabakalerako Víctor Iriarte zinegilea eskolan izan ditugu. Helburua Arkitektura: Film Mintzairak zikloaren 2013ko edizioaren aurkezpena egitea izan da. Aurten, laugarren edizioa izanik, arkitektura, hirigintza eta irudien artean sortzen diren harreman anitz eta konplexuez arituko dira, bai eta ikuspegi ekologiko batean irudimenaren eremuak eduki dezakeen garrantziaz ere.
 
Lehen edizioan, Kristina Eneatik abiatuz, ekitaldi desberdinak antolatu ziren, Ibon Telleriaren Bidebietako lana eta Rem Koolhaasen neskaren Lagos filma tarteko zirela. Hurrengoan, ekologismoa landu izan zen eta Payak zentzumenen bidezko arkitekturaren azalpena egin zuen. Aurrekoan, gerra izan zen hizpide eta Pepe Viar hurbildu zen beste askoren artean.

 Oraingoan, gai nagusia “tratado de paz” da, Donostiako suntsipena eta berreraikitzea landuz, hiri hau bere hondarren fruitu baita. Horri lotuko zaio puntu itsuaren kontzeptua, ikusteko ahalmena duena baina ikusezina dena. Ideia hori garatuz, errealitate desberdinak ikutuko dira: trintxera, horma, pareta, harresia, gerra, kolonialismoa, okupazioa, erreboluzioa, desokupazioa, suntsipena… Guzti honetarako, astean zehar bost film ikusiko proiektatuko dira Tabakaleraren lokaletan eta ondoren horien inguruko mahai ingurua egongo da.