2013(e)ko irailaren 19(a), osteguna

“El cielo sobre Berlín” / “Der himmel über Berlin” (1987) Win Wenders

Jendearen pentsamenduak entzuteko gai diren “aingeru” edo zaindariak dira protagonista 80.hamarkadako film honetan. Berlingo herritarren kezkarik sakonenak entzun ondoren bizi poza eta indarra transmititzen saiatzen dira izaki berezi hauek, batzuetan era eraginkorrean eta beste batzuetan, ordea, alferrik. Aingeru hauek euren eginkizunarekin nahastu egiten dute gizaki izateko duten gogoa, eta amets hori betetzeko euren hilezkortasuna sakrifikatzeko ere gai dira. Ukitu komikoak eduki arren, Berlingo errealitate zatitu, hesitu eta gordina islatzen duen film honek, esperantza pizten du nolabait gugan, gizakiongan. Azken finean, gizadiarekiko maitasun oihu bat da luzemetrai hau, horma ilunen artean bere oihartzuna sortzen duena.
 
Aipatutako horma ezagun horren erortzeak gizartean aldaketa sakonak eragin zituen. Izan ere, hiria zauri zaharrak itxi nahian dabil geroztik eta are gehiago harresi horren aztarna oroitzapena ez ezik arrasto fisikoa ere badelako. Horrek gogora dakarkit talde famatu baten abesti bat: “non da horma?  Non da muga? Gogoa da gure giltza, guregan daukagun giltza, eta gure libertatea”…
Hesia kentzearen ondorioz espazio publikoko eraztun bat sortu zen eta bide berriak irekitzeko aukera ere. 1989tik aurrera behar berriak agertu ziren: gobernu zentro berria sortzea, iraganeko eraikin eta monumentu zaharkituak birgaitzea, hormak utzitako hutsuneak urbanizatzea eta hiri lotura berriak proposatzea. Hiriaren aldaketa, beraz, fisikoa izan zen batetik baina baita ere egiturazkoa, ibilbide eta komunikabide berriak proposatu zirelarik. Egin beharreko lanak asko eta astunak ziren eta arkitekto askorentzako lekua zegoen: Stephan Braunfels, David Chiperfield, Norman Foster, Frank Gehry, Nicholas Grimshaw, Philip Johnson, Josef Paul Kleihues, Hans Kollhoff, Jena Nouvel, Dominique Perrault, Richard Rogers, Peter Zumthor… Guzti hauek hiriaren izaera monumentala indartu zuten eta hesiak utzitako aztarnekin batera gaur egun den hiri erreferentea sortu zuten.

Gogora dezagun film hau Canneseko jaialdian saritua izan zela 1987an eta horrek aitortzen dion balio zinematografikoa ez ezik, balio erantsi bat duela, gizarteren islatze hori berarekiko ekarpena baita. Gizartea, arkitektura, bizimodua, bizitzeko modua, hesia, eraikina, etxea, bizitzea, proiektatzea, arkitetura….

               Filmaren linka: https://www.youtube.com/watch?v=uZ5MCUkgas8

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina