Eguneroko bizitzan kontakizunek jokatzen duten papera berebizikoa da. Arruntatzat jotzen dugun edozein ekintzak xarma ezkutu bat gordetzen du, istorio bat kontatzen du: etxetik lanerako bidea, solasaldi bat, proiektu bat. Horregatik arkitektura bera ere kontakizun bat bada. Prozesu logiko edo ez hain logiko baten emaitza da, bidean zehar aurrera eta atzera pausuez betetakoa, hausnarketek eta gogoetek eraikitakoa, esperientzian oinarritutakoa eta ideala edo ametsa bilatzen duena.
Guzti hau ulertzeko, beharrezkoa da testuan azaltzen diren kontzeptuak bereiztea. Batetik “lekua” dago, estatikoa, geldia, harremanik eta interakziorik gabekoa. Horren alboan, “espazioa” dugu, leku horren erabiltzaileek sortzen dutena, mugimendua eta denbora eskatzen dituena eta ibiltariek ibilbidea ibiltzeaz sortzen dena. Adibide argiena hiria da, hiria organismo bizidun gisa ulertua. Batetik urbs dugu, leku fisikoa, esan dezagun euskarria dela. Horren ostean civitas dugu, gizartea, metaforako ibiltaria, gu geu, gizakia. Eta amaitzeko, funtsezko hirugarren elementua polis da, gizarte horren antolaketa politiko-administratiboa, jokuaren arauak ezartzen dituena bidezkoa izan ala ez, eta hiria osatzeko behar beharrezkoa dena.


Ondoriozta daiteke, beraz, arkitekturan gauza berdina gertatzen dela,eta bizitzan ere noski. Bakoitzak bere erara ulertu, pentsatu eta jarduten du eta hortaz bakoitzak bere kontakizuna idatzi egiten du. Gogoeta hauek gurera ekarriz, esan dezakegu bakoitzak historia eta istorioak berera kontatzen dituela eta ondorioz arkitektura ere hala egiten duela. Arkitekto bakoitzak bere kezkak ditu eta horiek kontatzen ditu bere lanen bidez, besteek konpartitu ala ez. Arkitektura bera kontakizun baterako tresna da, liburu baten antzekoa, ez oso desberdina. Burura datozkit adibide asko eta asko, batzuk besteak baino gustokoagoak, noski. Jo dezagun zerbait dramatiko batera.
Aski ezaguna da Mussolinik Giuseppe Terragniri agindutako Danteuma. Bere boterea indartzeko nahiez, Danteren “Divina Comedia”n oinarritutako eraikina eskatu zion. Sarrera behetik egiten da eta estua da, gorputzaren neurriei akotatua. Zutabez betetako gela dago, astuna, trabertinoa, materialtasuna, bekatariak. Infernua da, beraz, eta laukizuzen aureoan oinarritzen da infinitutasunaren ideia azpimarratzeko. Ondoren purgatoriorako igoera dator, eta horrek, esfortzua suposatzen du, sakrifizioa. Azkenik, zerua dago, paradisua, beirazko zutabeekin, ingrabidotasuna eta materialtasun eza azpimarratuz. Horren bukaeran Mussoliniren irudia dago, Jainkoarenarekin lehiatuz. Erromarako proposamen hau ez zen eraiki baina maisuki aurkezten du intentzio bat, kontakizun baten bidez azaldua eta helburu garbi bat duena.
Testurako linka