2014(e)ko otsailaren 23(a), igandea

HEDWIG & the angry inch (2001) John Cameron Mitchell

Hasieran musikala zen baina gero, pantaila handira eraman zuten istorio hau. Era autobiografikoan, Hedwigek bere bizitza kontatzen digu monologo luze baten bidez eta denboran atzera eta aurrera etengabe eginez. Pasarte horien artean daude bere aitarengandik jasandako gehiegikeria, sexu aldaketa operazio latza, lehenengo maitasuna, musikaren mundurako saltoa… Gure protagonista transexuala da bai, jaiotzez mutila, sentimenduz neska; musikaren bitartez barneko kezka eta amorruei irtenbide ematen saiatuko da, kalitatezko musika, izan ere.

Filmaren argumentua erraza eta errekurrentea badirudi ere, gai sakonak jorratzen ditu ironiaz batzuetan, sentimenduz besteetan: norberaren identitatearen bilaketa, maitasuna, amorrua eta gorrotoa, inbidia, fama eta ospea… guzti hauek arkitekturarekin ez daude zuzenki lotuta, baina bada horien atzean oihartzun bat, lotura puntu bat. Pelikulan behin eta berriz agertzen zaigu dualtasuna, bai norberaren identitatean, bai maitasun kontuetan. Bikoiztasun hori zalantzari lotzen zaio askotan eta baita ezjakintasunari ere. Indeterminazioan mugitzen da etengabe gure protagonista ahal bezain beste barnean hartuz, besarkatuz. Izaera polifazetikoa du beraz, eta berdina gertatzen zaigu arkitekturan. Hedwigek mota askotako gertakariak jasan izan ditu, haietara egokitu da, batzuk bere erabakien ondorio eta beste batzuk zorizkoak guztiz. Horrelakoa behar luke arkitektura, moldagarria, indeterminatua, irekia, asko onartzen duena, bere buruak ez ezik kanpokoak ere aldetzen duelarik. 

Argi dago testu honen bitartez filma arkitekturara bideratu dela, baina norberaren bizitzan ere aplikazio zuzena du, ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Horregatik, amaiera sekretuan mantenduko dugu, nahi duenak, bilaketa hori egin dezan, maitasunarena edota arkitekturarena.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina