2014(e)ko martxoaren 21(a), ostirala

OBRA BISITA II | Tabakalera kulturgunea

Tailer bateratuaren hirugarren saioan Tabakalerara bisita egin genuen. Aitortu beharra dago batzuontzako bigarren aldia zela (urrian egon ginen, ikus sarrera) eta eskertzekoa dela obra honen jarraipena egin ahal izatea. Tailerraren bisita honetan instalazioak aztertzea aurreikusita zegoen baina han aurkitu genuen egoera guztiz kontrakoa zen. Azalpenak Amaya El Bustoren eskutik jaso genituen, Tabakalera eta obra zuzendaritzaren arteko zubia egiten duen arkitektoa.

Obraren atzerapena ohiko ustekabeez aparte, murrizketa ekonomikoei ere sor diegu. Horren ondorio izan da komunikazio nukleo bat kentzea eta areto erraldoi bat sortzeko eraitsi zen forjatu bat birkokatzea. Pena izan zen instalazio fasea oraindik hasieran egotea baina jakin izan genuenez, oztopo nagusiak eraikinaren babes maila, metro bateko lodieradun hormak eta jabetza desberdinak egotea izan dira. Ondorioz, hartutako erabakia izan da instalazioak ahalik eta gehien zatikatzea eta bederatzi komunikazio nukleoen bidez sakabanatzea.
 

Bisitako beste une interesgarri bat estalkiko beira prismara igotzea izan zen. Bolumen hau guztiz zalantzagarria da kanpotik aztertuta baina goitik dauden bistek ez dute preziorik. Hala ere kritikagarria da batetik gune horren azalera handi bat jatetxe bati ematea eta bestetik, proiektuaren muina izanik (Donostia argituko duen linterna bat omen da) oraindik definitzeke egotea.

Azkenik, eta zenbakitan sartuta, azpimarratu beharra dago aurrekontua 50.000.000 euro ingurukoa dela. Ez dakit zentzurik ote duen gauden garaian gaudela halako dirutza gastatzea arrakasta bermatzen ez duen proiektu batean eta are gutxiago eraberritze batean, non komisioko buruak (Iñaki Galarraga) dimititu egin zuen eraikina asko desitxuratzen ari zirelakoan.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina