2013(e)ko urriaren 18(a), ostirala

“Monument et monument historique” Arquitectura Viva 33.zenb (1993) Françoise Choay

Testu honetan, denboran zehar zenbait terminok izan duten eraldaketa aztertzen da eta batez ere, horrek arkitekturan izan duen eragina, bai ondareari buruz ari garenean baita monumentuen inguruan ari garenean ere.
 
Azken mendean, bereziki, ondarearen kontzeptua aldatu edo zabaldu egin da eta ondorioz, garaikide diren eraikin eta obra asko ondaretzat jotzen ditugu, esaterako, le Corbusierren eraikinak. Eraikuntza asko eta asko mantendu egiten dira lehengo horretan, baina momifikatuta bezala geratzen dira, izoztuta, denborak aurrera egingo ez balu bezala, hilda egongo bailiran. Beste asko, berritu eta turistentzat zabaltzen dira, hauek goza dezaten eta ekonomiko mantendu dezaten; baina, antza denez, bisitariek eraikinok degradatzen dituzte. Orduan, zein da aukera egokiena? Bada, galdera horren erantzuna Japon izan daiteke. Bertan, ez dago ia ondarerik eraikin zaharrak etengabe berritzen direlako edo funtzio beri bat aitortzen zaielako.

 Era berean, monumentu hitzak ere bilakaera luzea izan du; hasiera batean oroigarri edo memoria zena, balio hori galdu eta alderdi estetikoa garatuz joan da. Gainera, gertakari historikoak gogorarazteko eraikitzen ziren hauek, beherakada nabarmena jaso zuten inprentaren sorrerarekin, asmakizun honek historia kontatzeko euskarri berri bat suposatzen zuelako. Agian, horregatik egungo hirietan ez da ia monumenturik eraikitzen. Gutxi horien artean aipagarria lirateke 11Sren osteko zona 0-n eraiki nahi dutena –Calatrava eta horren inguruko polemika-edo denbora batez gune berdinean egon ziren bi argi zutabeak, dorre bikiak gogoraraziz. Hala ere, ez ditugu monumentu eta monumentu historiko kontzeptuak nahastu behar, lehengoak gertakari jakin bat gogoan edukitzeko altxatutako eraikuntza da eta bigarrena, eraikia izan ostean balio bat berenganatu duena, asmakizun bat.

 Behar bada, arkitekturaren historian helburu desberdinak nahastu izan dira, arkitektoak ospe propioa bilatzea, izaera monumentaleko eraikinak eraikitzea, iragana gogoraraztea, balio historiko erantsi bat izatea… Albertiren hitzetan guzti hori konbinatzen duen arkitektura egitea posible da, baina nire uste apalean eta maisu honen kontra egin nahi gabe, oraindik ez da horrelakorik egin, azken finean, arkitektura bakoitzak bere jomuga duelako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina