2013(e)ko urriaren 20(a), igandea

“Una historia de violencia” Arquitectura Viva 110.zenb. (2006) Luis Fernández-Galiano


Suntsipena omen da arkitekturaren izatearen arrazoia, baina arkitektura suntsipen horren objektu ere bada. Gaur egun ezagutzen dugun mundua izarren hautsetatik sortu zen eta horretara bueltatuko da guzti hau amaitzerakoan. Azken finean, gauza bertsua gertatzen da arkitekturarekin, hondarretatik hasten da eta hondarretan amaitu.

Arkitekturako eraikin asko zaharrago diren beste batzuen aztarnetatik eraiki dira: eliza bat zegoen lekuan katedrala, etxola batetik jauregia edota denda batetik museo oso bat. Zenbait kasutan, eraikin batzuetatik lapurtu izan da beste batzuk eraikitzeko -Egiptoko piramideei harriak kendu izan zaizkien bezala, Albertiren Tenplu Malatestianoa lapurtutako marmol eta mosaikoz altxatu zen-. Edonola ere, arkitektura ez da inoiz zentzugabea, eta behar bati lotzen zaio horretarako suntsitu behar badu ere.

Gaur egungo egoerara itzuliz, aztarna guztiak mantentzeko joera zabaldu da urteak dituztelako soilik. Horren aurrean kritiko izan behar dugu eta balio historiko edota arkitektonikoa zerk duen aukeratu, baina dena ezin da mantendu, gordetze horrek garapena eta aurrerapena moteltzen duelako. Hala ere, guzti hau esatea erraza bada ere, muga non dagoen ezartzea zaila da, ezin daiteke bat-batean erabaki zerk duen balioa eta zerk ez. Argi dagoena da eraikin bat mantentzea ez dela bakarrik hura ez botatzea, baizik eta ulertzea, errespetatzea eta ongi tratatzea. Honek burura dakarkit Donostiako Bellas Artes eraikina. Denok ezagutzen dugu horren inguruan sortu zen polemika eta kontrobersia, izan ere, eraikina “zaharberritzea” deitzen zioten prozesu hori eraikin berri baten eraikuntza besterik ez baitzen.

Laburbilduz, arkitektura prozesu luze bat da, suntsipena barne hartzen duena eta horrela ulertu behar da. Ezinezkoa da pentsatzea arkitektura -edo kalitatezko arkitektura, gutxienez- existituko litzatekeela eraikin asko bota izan ez balira.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina