Testu multzo honetan, zenbait autorek (Luis Fernández-Galiano, Terence Riley, Fritz Neumeyer eta Iñaki Ábalos) euskarri desberdinetan(AV, El Croquis eta La buena vida) Miesi eta bere arkitekturari buruz idatzitakoa biltzen da. Miesen eraikinak eta berak etengabe erabilitako baliabideak garaiko gizartean eta testuinguru politikoan azaltzen dizkigute.
Oso famatuak eta ezagunak dira Miesen patiodun etxeak, azal bikoitzekoak, kanpoko horma zurrun eta opakoa eta etxeko beirate garden eta efimeroak. Eraikuntza hauek ez dira inguruarekin erlazionatzen, topografiara moldatzen edo kanpora irekitzen. Edonork pentsa dezake helburua pribatutasuna lortzea dela eta egia esan, hala izan daiteke atmosfera berezi horietan, baina irakurketa alderantziz egin daiteke; etxe hauen helburua kanpoko mundua ezabatzea baita. Kontua ez da kanpotik barrua ez asmatzea, baizik eta barrutik kanpoa ez nabaritzea.
Gauza bera gertatzen da Miesen beste zenbait eraikinetan, lehen ikusian irekiak eta zeharrargiak diruditen arren, kanpotik banatzeko nahia ere igartzen zaie. Bere arkitekturaren interpretazio hau erabil dezakegu, Zamorara bueltatuz, gure ikerketa zentroa definitzeko. Hasiera batean itxia den partzela, izaera horrekin jarraituko du, kanpotik ezer ez ikusteko baina, batez ere, barrutik kalea ez antzemateko klima berezia sortuz. Efektu desberdinak lortuko ditugu norabide berdinean: isolamendua, denbora igarotzen ez denaren sentsazioa, lasaitasuna, kontzentrazioa…
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina