2013(e)ko irailaren 26(a), osteguna

"Turismo: La mirada caníbal” ARCHIPIÉLAGO 25.zenb. (2005) Alba Rico

Testu honen bitartez, Santiago Alba Ricok turismoaren kritika zorrotza egiten du eta horretarako inmigrazioarekin alderatzen du, biak baitira desplazamendu politikoaren adibide, funtsean berdinak, baina ezberdinak ere. Turistek lekuz aldatzeko askatasun guzti guztiak dituzte eta etorkinek, berriz, trabak besterik ez dituzte topatzen, eskulan merkea edo negozio-gai direnean izan ezik. Dirudunek argazkiak ateratzen dituzte munduko lekurik politenen aurrean eta bitartean, zoritxarrekoek bizimodu berri batekin amesten dute. Interesgarria da guzti hau kontrolatzeko proposatutako metodoa: gizabanako bakoitzari bizitza osoan zehar ibiltzeko kilometro kopuru jakin bat ezartzen zaio, turismoak bikoitza zenbatzen duelarik eta bekek, lanerako bidaiek edota bisitek zenbatzen ez dutelarik. Modu horretan, herrialdetik bakarrik aterako da zerbait irakatsi behar duen gizabanakoa edo zerbait ikasi behar duena. Horregatik salatu egiten du Alba Ricok zuri bati turismoa praktikatzeko erraztasun guztiak eskaintzea etxe bat eraiki nahi duen beltz bati zailtasun guztiak jartzen zaizkion bitartean.

Egia da etorkinen egoera penagarria dela oso, eta tamalez, gero eta barrurago goaz zuloan barrena. Hala ere, turismoaren egoera ez da askoz hobea, konparaketak alde batera utziz, noski. Hasiera batean hondartza eta mendiaren artean aukeratu behar bagenuen, orain etiketadun turismoa sortu da –adinakoentzat, gazteentzat, sexuala, ludikoa, kirolekoa edota erosketerakoa. Edonola ere, hauek kapitalismoan oinarrituta daude eta izugarrizko hondamena uzten dute haien atzean, dirutzarekin batera. Gainera, oporrak, parentesi bat besterik ez dira, errutinatik ateratzeko aitzakia dibertigarria. Batzuk hainbeste eta beste batzuk hain gutxi. Guk gure oporretako helmugekin jolasten dugun bitartean, etorkin asko eta asko non bizi nahi aukeratu ahal izan gabe daude.

Mundua gaizki banatua dago, baina hori jakin badakigu. Kontua ez da hortaz damutzea, baizik eta, ahal dugun neurrian egoera horrek hoberantz egin dezan lan egitea, biharko mundua apur bat alaiagoa eta bidezkoagoa izateko bidea jorratzea. Eta hori, norberan esku baino ez dago.

Testurako linka:
http://es.scribd.com/doc/57801965/Turismo-La-Mirada-Canibal

2013(e)ko irailaren 23(a), astelehena

ZAMORA, GALDUTAKO IZAERAREN BERRESKURATZEA

Pasa den irailaren 18an Zamorako alde zaharrari buruzko hitzaldi interesgarria jaso genuen Donostiako Arkitektura ikasleok Francisco Somoza arkitekto finaren eskutik. Mintzaldiari hasiera emanez, hiribilduaren historia laburki azaldu eta ondorioak atera zituen. Bigarren atala, tokiko eraikin esanguratsuenek bete zuten, asko eta asko berak berritutakoak. Amaiera emateko, bertan egindako interbentzio eta eraikin berrienak aztertu genituen. Bi ordu izan ziren, askorako eman zutenak baina hiri oso bat azaltzeko labur direnak. Solasaldi osoan zehar, arkitekto zamorarraren hitzak begirunez eta miresmenez beteak egon ziren, eta horiek dira hain zuzen ere, guri transmititutako sentsazioak.


Urte askotan zehar Zamora kontrol gabe hazi da eta aldaketa asko jaso ditu. Horren ondorioz, kalea desitxuratu egin da eta urteetako esentzia hori galdu egin du. Horren aurrean, Somozak, kaleak altxatzea eta pabimentu berria jartzea proposatu zuen. Kaleen erdialdea, gehien zapaltzen dena, granitozko lauzez estali zen, instalazio nagusien gainetik eta ertzak, berriz, kuartzitazko -tokiko harria- adokinez estali ziren, itxura lasaiagoa emanez. Hala ere, hori nahikoa ez zelakoan, pabimentuaren eta monumentuen arteko elkargunea granitozko adokinekin egin zen, baita harresiak iraganean sortzen zuen perimetroa markatzeko ere. Dudarik gabe, emaitza bikaina da, sinplea eta eraginkorra aldi berean. Bi materialekin soilik aukera oso anitzak sortzen dira eta hiriaren izaera gordetzen da. Kontuan hartu behar da horrelako proiektuek kasko osoa hankaz gora jartzea eskatzen dutela eta horrek bizilagunengan amorrua eta gorrotoa sortzen dutela.

Hurrengo interbentzioa Aceñas de Olibares ur-errotetakoa dugu. Duero ibaiak irentsitako IX.mendeko eraikin zaharren segida berritzea egokitu zitzaion gure arkitekto zamorarrari. Ibai hondoko errestoekin multzoa berreraiki zuen harriz harri eta duintasuna itzuli zion multzoari. Kasu honetan, nahita ez pentsatzen dut zer gertatuko zitekeen errota guztiak eraiki beharrean segida edo progresio bat bezala ulertu balira, hau da, lehenengoa suntsituta eta jatorrizko egoeran utzi balute eta azkeneko guztiz berritua, tartekoak fase desberdinak irudikatuko lituzketelarik. Beharbada, askoz ere didaktikoa izango litzateke. Beharbada.

Gainerako interbentzioen inguruan -XII.mendeko Gaztelua edota XVIII.mendeko Balborraz kalea- egia esateko, gutxi esan dezaket. Hauetan ere, errespetua eta eraikinekiko maitasuna dira nagusi. Gazteluaren kasuan, aurrekoan bezala, berreraikuntza ereduari leial mantenduz eraman zen aurrera. Emaitza txukuna den arren, arkitektura ikasle bezala, kritiko izatea dagokit eta ezin dut ezkutatu nire ustez interbentzioa hotz samarra dela. Eraikinaren interpretazioaren falta somatzen dut, gaur egun bere eginkizuna ez da hiriaren defentsa eta beraz, ez du zentzurik berdin-berdin eraikitzeak, gehiago moldatu beharko litzateke XIX.mendera. Alde horretatik lorategietako jarduketa askoz hobea iruditzen zait. Horregatik, ziurrenik, NH katearentzako proiektaturiko Palacio del Duero hotela askoz ere aproposagoa da, gaurkotasunaren eta tradizioaren arteko oreka lortzen duelako.

Lan batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago baloratzen ditut, baina bistan dago guzti-guztiak onak direla. Agian errazegia da kritikatzea kanpotik, hiria ezagutu gabe. Horregatik, irrikitan nago hara joateko eta ikasitako eta ikusitakoarekin nire iritzia aldatzeko eta artikulu hau berridazteko.

 Somozaren proiektu berritzaileenak biltzen dituen orrialdea:

http://www.ondiseno.com/obras_arquitecto.php?nombre=Francisco+Somoza&id=8774


 

2013(e)ko irailaren 21(a), larunbata

“Nudità” / “Desnudez” (2009) Giorgio Agamben


La utilidad y los inconvenientes de vivir entre espectros edo Veneziako ondareari buruz…

Gaua da. Hotz egiten du. Nabaria da oraindik aurreko egunetako acqua altak utzitako usain gogorra. Artez, kulturaz eta historiaz blai dago giroa. Rialto zubia igaro eta eskumatara jo dut. Karrika estuek denboran atzera naramate. Beste kale bat ezkerretara, zubi bi eta berriro norabidez aldatu. Azken zubia zeharkatuta hortxe dago la Fenice, San Fantin elizaren aurrean; iraganeko antzezlan eta emanaldiak irudikatzen ditut, baita otsaileko inauteri dotore eta koloretsua ere. Ez da ordea nire bidea amaitu, aurrera segi eta rio -kanal estu eta txikia- bat igarota arkuetara heldu naiz. Nire aurrean San Marcos, garai bateko arkitektura bizantziarraren adibide. Nire begiek fatxada aztertzen dute Palazzo Ducalearekin topo egin arte. Badakit nire ibilaldia amaitzear dagoela, laster hotelera itzuli beharko dut biharamunean goizeko lehen hegazkina hartzeko eta beraz, azken segunduak luzatzen saiatzen naiz. Gustoko dut hiri flotante hau negu hasieran; turista gutxi dago eta zeruak kolore berezia du. San Marco eta San Teodororen zutabeen artean ikusten dut. Nire aurrean dago ur geruza lasai batek banatzen gaituelarik. Ziurrenik Palladioren eraikin garrantzitsuenetarikoa izango da. Altxaera nagusia begiratzeak lasaitasuna eragiten dit eta bide batez, aurreko urteetako bisitak gogorarazten dizkit. Berokia lotu eta eskuak poltsikoan sartzen ditu; amaitu egin da nire amets txikia, ez dakit noiz itzuliko naizen, baina argi dago hurrengorik izango dela. Txunditu egiten nau hiri honek bisitaria liluratzeko duen gaitasuna, etortzen naizen bakoitzean gauza desberdinak ikusten eta ikasten baititut. Alde egiteko ordua heldu da eta hotelerantz abiatu naiz, ez ordea, begiak atzera bueltatu gabe, handitasun hori nire erretinan betirako gorde nahian.
Argi dago hiri honi buruz esan dezakedan guztia harenganako miresmenak kutsatua egongo dela. Hala ere, uste dut Venezia gustoko ez duenik ez dagoela, denori gustatzen zaigu gehiago edo gutxiago. Espectro baino, xarma esango nioke nik hiri honek gordetzen duenari. Antzinako inperio garrantzitsu hori aspaldian desagertu zen baina hau da hura ulertzeko lekurik aproposena. Ezin dakioke leporatu garai berrietara moldatu behar izana eta turismoa ustiatu behar izatea. Izan ere, leku honek iraungitze data du, ez dakigu noiz, baina inoiz urak irentsiko du eta betiko desagertuko da; hori izango da hain zuzen ere Veneziaren hilotza eta betiko galduko da Lagunako uretan. Ordura arte, arkitekto bezela gure lana hura mirestea, gozatzea eta ahal den neurrian duintasunez berreraikitzea da. Gainera artearen eta arkitekturaren inguruko Biennaleak aitzakia aproposa dira bisitan joateko.
Beharbada guganaino heldu dena ez da Veneziaren bertsiorik onena, baliteke arkitektook hiria irakurtzen jakin ez izana, agian malabarismoak egiten ari gara Agambenek dioen bezala, errealitatea eta hiria desitxuratzen apika. Batek daki. 

2013(e)ko irailaren 19(a), osteguna

“El cielo sobre Berlín” / “Der himmel über Berlin” (1987) Win Wenders

Jendearen pentsamenduak entzuteko gai diren “aingeru” edo zaindariak dira protagonista 80.hamarkadako film honetan. Berlingo herritarren kezkarik sakonenak entzun ondoren bizi poza eta indarra transmititzen saiatzen dira izaki berezi hauek, batzuetan era eraginkorrean eta beste batzuetan, ordea, alferrik. Aingeru hauek euren eginkizunarekin nahastu egiten dute gizaki izateko duten gogoa, eta amets hori betetzeko euren hilezkortasuna sakrifikatzeko ere gai dira. Ukitu komikoak eduki arren, Berlingo errealitate zatitu, hesitu eta gordina islatzen duen film honek, esperantza pizten du nolabait gugan, gizakiongan. Azken finean, gizadiarekiko maitasun oihu bat da luzemetrai hau, horma ilunen artean bere oihartzuna sortzen duena.
 
Aipatutako horma ezagun horren erortzeak gizartean aldaketa sakonak eragin zituen. Izan ere, hiria zauri zaharrak itxi nahian dabil geroztik eta are gehiago harresi horren aztarna oroitzapena ez ezik arrasto fisikoa ere badelako. Horrek gogora dakarkit talde famatu baten abesti bat: “non da horma?  Non da muga? Gogoa da gure giltza, guregan daukagun giltza, eta gure libertatea”…
Hesia kentzearen ondorioz espazio publikoko eraztun bat sortu zen eta bide berriak irekitzeko aukera ere. 1989tik aurrera behar berriak agertu ziren: gobernu zentro berria sortzea, iraganeko eraikin eta monumentu zaharkituak birgaitzea, hormak utzitako hutsuneak urbanizatzea eta hiri lotura berriak proposatzea. Hiriaren aldaketa, beraz, fisikoa izan zen batetik baina baita ere egiturazkoa, ibilbide eta komunikabide berriak proposatu zirelarik. Egin beharreko lanak asko eta astunak ziren eta arkitekto askorentzako lekua zegoen: Stephan Braunfels, David Chiperfield, Norman Foster, Frank Gehry, Nicholas Grimshaw, Philip Johnson, Josef Paul Kleihues, Hans Kollhoff, Jena Nouvel, Dominique Perrault, Richard Rogers, Peter Zumthor… Guzti hauek hiriaren izaera monumentala indartu zuten eta hesiak utzitako aztarnekin batera gaur egun den hiri erreferentea sortu zuten.

Gogora dezagun film hau Canneseko jaialdian saritua izan zela 1987an eta horrek aitortzen dion balio zinematografikoa ez ezik, balio erantsi bat duela, gizarteren islatze hori berarekiko ekarpena baita. Gizartea, arkitektura, bizimodua, bizitzeko modua, hesia, eraikina, etxea, bizitzea, proiektatzea, arkitetura….

               Filmaren linka: https://www.youtube.com/watch?v=uZ5MCUkgas8