2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

BCN COLONIA CASTELLS [NO-RES] vida i mort d'un espai en tres actes

Atzo, urriaren 23an, Xavier Artigas zuzendariaren [NO-RES] filmaren aurkezpena izan genuen eskolako Paraninfoan. Aurkezlea Creative Commons-eko Juanjo Díaz izan zen, Ángel Martín hirigintza katedradunak gairako sarrera egin zuen eta Victor Urrutia soziologia katedradunak ikuspegi desberdin bat eskaini zigun. 
 
 1923an, Bartzelonako Les Corts auzoan, Castells izeneko kolonia sortu zen izen bereko barniz fabrikako langileei babesa emateko. Partzela oso txikiak ziren, 20 eta 40m2 bitartekoak eta etxebizitza minimo eta xumeak jasotzen zituzten. Sinpleak baziren ere, azpimarratzekoa da kalearekin zuten lotura eta desberdina zen bizimodu bat proposatzen zutela, hiri barneko oasi modukoa. Alabaina, 1963an, Plan Partzial handi bat sinatu zen arazoak konpondu beharrean, beste batzuk sortuz. Koloniaren apaltasuna eta pobrezia ongi ikusia ez zenez, eremu hori zona berde bezala kalifikatu zen; ondorioz, bizilagunek ezin izan zituzten euren etxebizitzetan erreformarik egin. Ondoren, 1976an, Plan Orokor Metropolitanoa atera zen eta Castells berriro ere baztertua izan zen, oraingoan, arrazoi nagusia pobrezia ez ezik, jatorri eta gizarte maila desberdinak ere baziren. Bestelako hiri zatiak integratzeko ideal hori galtzen da Franquismoaren garaian, homogenizaziorako joera baitago; ez da desberdintasuna edo berezitasuna onartzen. 
 
Urteak igaro egiten dira eta 140 bizitza horietan ezin dira mantentze lanik egin, 140 familia horiek ezin dituzte euren etxeak konpondu. Gainera, etxebizitzak alokatzen hasten dira, eta jabeez gain, inkilinoak sartzen dira ekuazioan.
 
2010.urtean, Planak jasotako birkalifikazio prozesua martxan jartzen da eta azkenean Castells kolonia bota egiten da, mapatik ezabatuz, bizilagunei aukera onik eskaini gabe. Bilakaera hau da hain zuzen ere No-Res -ezer ez- pelikulan jasotzen dena, hiru fasetan edo aktutan banatua: koloniako bizimodua, koloniaren disekazioa -taxidermia- eta koloniaren heriotza-koloniaren suntsipena-. Dokumental honetan, jende honen bizimodua azaltzen da eta eraispenaren kritika egiten da, Les Cortseko gainerako eraikinekin etengabe kontrastea eginez. Sentimenduak dira nagusi, tarteka oroitzapenak eta gogoetak nahasten direlarik. Pelikula hau prozesu luze eta mingarri baten dokumentazioa da begi nostalgikoen bitartez ikusia. Edonola ere, egun batean Bartzelonan izan zen bizimodu desberdin bati gorazarre ere bada.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina