2013(e)ko urriaren 29(a), asteartea

“Muros y fantasmas” The Gray Wall EHAEO (2012) Ibon Salaberria


Hormak arkitekturako elementu garrantzitsuak izan dira historia luzean zehar. Funtzio desberdinak izan dituzte, esaterako, ezagutzen hedapena, artelanen euskarriak, defentsarako elementuak, boterearen adierazleak edota hustulanen egitura. Hala ere, guztiek daukate balio erantsi bat, denborarekin lortu izan dutena eta erabiltzaileek edo bizilagunek aitortu diotena: muga, ito, iragarki taula, frontoi, lorategi, pasealeku…
 
Guzti honetaz gain, historiaren lekuko ere dira, hau da, gertakariak jasotzen dituzte euren pusketen artean, liburu modukoak dira eta irakurtzen jakitea besterik ez da behar. Istorioak kontatzen dituzte, gerrazkoak, maitasunezkoak, iraultzazkoak, tradiziozkoak… Hauxe da homen ezaugarrien artean ahaztuena, lekukotasuna.

 Beraz, hormak hiru baldintzaren artean bizi dira: funtzioa, balio eta lekukotasuna. Hemendik aurrera era desberdinean begiratuko ditugu eta elementu bertikal soilak baino zerbait aberatsago bezala ulertuko ditugu. Haratago joango gara.
 
                                  Testurako linka

2013(e)ko urriaren 27(a), igandea

TABAKALERA | La aventura del saber TVE

TVEko “La aventura del saber” saiotik Donostiako Tabakalera sorgunera gerturatu ziren. Zentroa eraikuntza prozesuan murgilduta badago ere, hiritarren parte-hartzea eta sormena suspertzeko tailerrak eta ariketak proposatzen ari da bere hormetatik kanpo. Proposamen berri horien artean, La Casi Negrarekin egindakoa, edo DSS2016EU-rekin batera aurrera ateratako Hirikilabs ditugu.                                
                                                                                                                                                                                 2013 urriak 3
 

2013(e)ko urriaren 26(a), larunbata

“Formulario para un nuevo urbanismo” La Internacional Situacionista vol01 (1958) Gilles Ivain

Hiri guztiek daukate historia luzea, sekretuak gordetzen dituzte euren barnean, kalerik kale bisitariari azaltzen zaizkionak, azken horrek begiratzen baldin badaki, noski. Isileko sekretu horiek azalekoak dira monumentu eta eraikin izugarrien aurrean, baina askoz ere ezkutuagokoak taberna zaharretan, kale kantoietan edota parkeko eserlekuetan. Hauek ere, arkitektura dira, bizi formaren adierazpena eta euren momentutxoa merezi dute. Geldialdia egin behar da, txikia bada ere, eguneroko bizitzan baloratzen ez ditugun txoko eta bazterren aurrean, baloratzen ez ditugunak baina bertan daudenak, norbaitek arreta haiengana zuzentzeko zain.

Irudi hauek, indar handia hartzen dute gure memorian, gogoz errotzen dira gure gogoetetan. Horregatik, horiek berritu eta gaur egunean integratzen saiatzen gara, alferrik, ordea. Hori egiteak ez du zentzurik eta are gutxiago azkenaldian jaiotzen ari den arkitektura berri batekin, abstraktua, hila eta bizi gabea. Hotza eta inozoa. Historia gabekoa, azkenean.
 
Margolana Julien Pacaud. World Construction Set: una señorita geómetra reconstruye el mundo a partir de cubos.
 
                                                  Testurako linka
 

2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

BCN COLONIA CASTELLS [NO-RES] vida i mort d'un espai en tres actes

Atzo, urriaren 23an, Xavier Artigas zuzendariaren [NO-RES] filmaren aurkezpena izan genuen eskolako Paraninfoan. Aurkezlea Creative Commons-eko Juanjo Díaz izan zen, Ángel Martín hirigintza katedradunak gairako sarrera egin zuen eta Victor Urrutia soziologia katedradunak ikuspegi desberdin bat eskaini zigun. 
 
 1923an, Bartzelonako Les Corts auzoan, Castells izeneko kolonia sortu zen izen bereko barniz fabrikako langileei babesa emateko. Partzela oso txikiak ziren, 20 eta 40m2 bitartekoak eta etxebizitza minimo eta xumeak jasotzen zituzten. Sinpleak baziren ere, azpimarratzekoa da kalearekin zuten lotura eta desberdina zen bizimodu bat proposatzen zutela, hiri barneko oasi modukoa. Alabaina, 1963an, Plan Partzial handi bat sinatu zen arazoak konpondu beharrean, beste batzuk sortuz. Koloniaren apaltasuna eta pobrezia ongi ikusia ez zenez, eremu hori zona berde bezala kalifikatu zen; ondorioz, bizilagunek ezin izan zituzten euren etxebizitzetan erreformarik egin. Ondoren, 1976an, Plan Orokor Metropolitanoa atera zen eta Castells berriro ere baztertua izan zen, oraingoan, arrazoi nagusia pobrezia ez ezik, jatorri eta gizarte maila desberdinak ere baziren. Bestelako hiri zatiak integratzeko ideal hori galtzen da Franquismoaren garaian, homogenizaziorako joera baitago; ez da desberdintasuna edo berezitasuna onartzen. 
 
Urteak igaro egiten dira eta 140 bizitza horietan ezin dira mantentze lanik egin, 140 familia horiek ezin dituzte euren etxeak konpondu. Gainera, etxebizitzak alokatzen hasten dira, eta jabeez gain, inkilinoak sartzen dira ekuazioan.
 
2010.urtean, Planak jasotako birkalifikazio prozesua martxan jartzen da eta azkenean Castells kolonia bota egiten da, mapatik ezabatuz, bizilagunei aukera onik eskaini gabe. Bilakaera hau da hain zuzen ere No-Res -ezer ez- pelikulan jasotzen dena, hiru fasetan edo aktutan banatua: koloniako bizimodua, koloniaren disekazioa -taxidermia- eta koloniaren heriotza-koloniaren suntsipena-. Dokumental honetan, jende honen bizimodua azaltzen da eta eraispenaren kritika egiten da, Les Cortseko gainerako eraikinekin etengabe kontrastea eginez. Sentimenduak dira nagusi, tarteka oroitzapenak eta gogoetak nahasten direlarik. Pelikula hau prozesu luze eta mingarri baten dokumentazioa da begi nostalgikoen bitartez ikusia. Edonola ere, egun batean Bartzelonan izan zen bizimodu desberdin bati gorazarre ere bada.
 

2013(e)ko urriaren 20(a), igandea

“Una historia de violencia” Arquitectura Viva 110.zenb. (2006) Luis Fernández-Galiano


Suntsipena omen da arkitekturaren izatearen arrazoia, baina arkitektura suntsipen horren objektu ere bada. Gaur egun ezagutzen dugun mundua izarren hautsetatik sortu zen eta horretara bueltatuko da guzti hau amaitzerakoan. Azken finean, gauza bertsua gertatzen da arkitekturarekin, hondarretatik hasten da eta hondarretan amaitu.

Arkitekturako eraikin asko zaharrago diren beste batzuen aztarnetatik eraiki dira: eliza bat zegoen lekuan katedrala, etxola batetik jauregia edota denda batetik museo oso bat. Zenbait kasutan, eraikin batzuetatik lapurtu izan da beste batzuk eraikitzeko -Egiptoko piramideei harriak kendu izan zaizkien bezala, Albertiren Tenplu Malatestianoa lapurtutako marmol eta mosaikoz altxatu zen-. Edonola ere, arkitektura ez da inoiz zentzugabea, eta behar bati lotzen zaio horretarako suntsitu behar badu ere.

Gaur egungo egoerara itzuliz, aztarna guztiak mantentzeko joera zabaldu da urteak dituztelako soilik. Horren aurrean kritiko izan behar dugu eta balio historiko edota arkitektonikoa zerk duen aukeratu, baina dena ezin da mantendu, gordetze horrek garapena eta aurrerapena moteltzen duelako. Hala ere, guzti hau esatea erraza bada ere, muga non dagoen ezartzea zaila da, ezin daiteke bat-batean erabaki zerk duen balioa eta zerk ez. Argi dagoena da eraikin bat mantentzea ez dela bakarrik hura ez botatzea, baizik eta ulertzea, errespetatzea eta ongi tratatzea. Honek burura dakarkit Donostiako Bellas Artes eraikina. Denok ezagutzen dugu horren inguruan sortu zen polemika eta kontrobersia, izan ere, eraikina “zaharberritzea” deitzen zioten prozesu hori eraikin berri baten eraikuntza besterik ez baitzen.

Laburbilduz, arkitektura prozesu luze bat da, suntsipena barne hartzen duena eta horrela ulertu behar da. Ezinezkoa da pentsatzea arkitektura -edo kalitatezko arkitektura, gutxienez- existituko litzatekeela eraikin asko bota izan ez balira.
 

2013(e)ko urriaren 18(a), ostirala

“Monument et monument historique” Arquitectura Viva 33.zenb (1993) Françoise Choay

Testu honetan, denboran zehar zenbait terminok izan duten eraldaketa aztertzen da eta batez ere, horrek arkitekturan izan duen eragina, bai ondareari buruz ari garenean baita monumentuen inguruan ari garenean ere.
 
Azken mendean, bereziki, ondarearen kontzeptua aldatu edo zabaldu egin da eta ondorioz, garaikide diren eraikin eta obra asko ondaretzat jotzen ditugu, esaterako, le Corbusierren eraikinak. Eraikuntza asko eta asko mantendu egiten dira lehengo horretan, baina momifikatuta bezala geratzen dira, izoztuta, denborak aurrera egingo ez balu bezala, hilda egongo bailiran. Beste asko, berritu eta turistentzat zabaltzen dira, hauek goza dezaten eta ekonomiko mantendu dezaten; baina, antza denez, bisitariek eraikinok degradatzen dituzte. Orduan, zein da aukera egokiena? Bada, galdera horren erantzuna Japon izan daiteke. Bertan, ez dago ia ondarerik eraikin zaharrak etengabe berritzen direlako edo funtzio beri bat aitortzen zaielako.

 Era berean, monumentu hitzak ere bilakaera luzea izan du; hasiera batean oroigarri edo memoria zena, balio hori galdu eta alderdi estetikoa garatuz joan da. Gainera, gertakari historikoak gogorarazteko eraikitzen ziren hauek, beherakada nabarmena jaso zuten inprentaren sorrerarekin, asmakizun honek historia kontatzeko euskarri berri bat suposatzen zuelako. Agian, horregatik egungo hirietan ez da ia monumenturik eraikitzen. Gutxi horien artean aipagarria lirateke 11Sren osteko zona 0-n eraiki nahi dutena –Calatrava eta horren inguruko polemika-edo denbora batez gune berdinean egon ziren bi argi zutabeak, dorre bikiak gogoraraziz. Hala ere, ez ditugu monumentu eta monumentu historiko kontzeptuak nahastu behar, lehengoak gertakari jakin bat gogoan edukitzeko altxatutako eraikuntza da eta bigarrena, eraikia izan ostean balio bat berenganatu duena, asmakizun bat.

 Behar bada, arkitekturaren historian helburu desberdinak nahastu izan dira, arkitektoak ospe propioa bilatzea, izaera monumentaleko eraikinak eraikitzea, iragana gogoraraztea, balio historiko erantsi bat izatea… Albertiren hitzetan guzti hori konbinatzen duen arkitektura egitea posible da, baina nire uste apalean eta maisu honen kontra egin nahi gabe, oraindik ez da horrelakorik egin, azken finean, arkitektura bakoitzak bere jomuga duelako.

2013(e)ko urriaren 16(a), asteazkena

ZAMORAKO TURISMO PABILIOIA | Lanaren garapena

KOKAPENA_Gure pabilioia kokatzeko aurrexistentzietara jo dugu aitzakia gisa, zutabe ilarara eta harrizko arkura, alegia. Horrek ahalbidetu izan digu proiektua perspektiba desberdinetatik ikusia izatea, plaza konfiguratuz eta itxiz, baina bigarren plano batean mantenduz aldi berean. Plaza eta pabilioiaren arteko jauzia harmaila bidez ebatzi izan dugu, eta beste aldean, eskailerak kokatu ditugu hurrengo proiekturantz bideratuz.
 
KONTZEPTUA_Pabilioia funtsean bi bolumenek osatzen dute, bata beirazkoa, gela nagusia bilduz eta bigarrena trinkoa, komunikazioak eta erabilera txikiagoekin. Biei lotura emanez, estalki ibigarri fin fina dugu. Honen bitartez lortu dugu harrizko ateak sarrera bezala funtzionatzea eta aldi berean, beirazko kutxa hegaldun estalkipean desagertzea fatxada bakarra San Jeronimo konbentuko zutabeak izanik. Pabilioiaren esentziara jo dugu: plataforma trinkoa lurrari errotua eta estalki arin bat, bien bitartean programa garatzen delarik.
 
EGITURA_Argi handiak soluzionatu behar izan ditugu eta horretarako egitura metalikora jo dugu. Bi Vierendel zertxa daude estalkian egitura nagusia eratuz eta barandila bezala ere funtzionatuz. Hauetatik habexka metalikoak eta hormigoizko lauzatxoa zintzilikatzen dira. Euskarri bertikalak IPE metalikoak dira beirazko kutxan eta harrizko hormak alde trinkoenean.
 
 MATERIALAK_ Esan bezala estalkia hormigoizko lauza mehea da, zutabe zaharrak ukitzen ez dituenak eta egitura metalikotik zintzilikatzen dena. Gorputz trinkoa, berriz, harrizkoa da, tokiko harrizko. Kargazkoa den itxitura horrek bi orri ditu, barrukoa trinkoa eta etena, leihoak agertzen direlako eta kanpokoa zulatua baina jarraia, Gaztelako usotegitan oinarrituz. Helburua kanpotik leihoak ez antzematea eta zamorarrei euren tradizioko eraikin bat gogoraraztea izan da. Gainera, gauez, kontrako efektua lortzen da barneko argia zenbait zuloetatik irtetzen delako. Guzti honetarako 30x15x15cm-ko piezak erabili izan ditugu, bi orriak euren artean trabatzea ahalbidetuz. Harri bloke berdinak gradatan jarri dira,lotura ezartzeko eta pabimentuari lotuz abaniko forma hartzen dute.

 
Laburbilduz, proiektuak bertako elementu eta eraikitzeko era batzuk integratzen ditu, betiere errepetuzko jarrerakin, gure iritzian, eta orainaren eta iraganaren arteko lotura eginez.
 
 

2013(e)ko urriaren 11(a), ostirala

Arkitekturaren nazioarteko eguna II | TERRAZAREN BERRIREKIERA

Gaur, urriak 11, Ibon Salaberriak eta Manu Fernándezek antolatutako Arkitekturaren Asteari amaiera eman diogu Donostiako Arkitektura Eskolan. Gainera, ekitaldi horrekin bat eginez, eskolarako espazio garrantzitsua den eta urteetan itxita egon den estalkiko terraza berreskuratu dugu.

 Kalitatezko lunch baten ostean indarrak hartu eta hiru hitzaldi desberdin izan ditugu. Lehenak, Xabier Erkiziaren laguntzaz, soinuak eta zaratak interpretatzeko edo “irakurtzeko” dugun gaitasun urria erakutsi digu. Horretarako Agoitz herriko grabazio bat baliatuz, zarata soinu politizatua dela ondorioztatu dugu. Ondoren, M-etxea eta Straddle3 arkitektura kolektiboen eskutik, bestelako hirien eraikuntzaren berri izan dugu eta baita elkarrekin aurrera daramaten Arquitecturas Colectivas proiektuaren berri ere. Azkenik, Increasisek eta Paisaje Transversalek prestatutako lan mahien emaitzak erakutsi dizkigute.

 Asteari amaiera emanez eta gure terrazaren erabilerari ongietorria eginez, bi musika talderen kontzertuak gozatu ditugu, bukaera ezin hobea esfortzuz eta lan gogorrez aurrera atera duzuen ekitaldi honentzako.
 

2013(e)ko urriaren 10(a), osteguna

Arkitekturaren nazioarteko eguna I | TABAKALERA sorgunera bisita

Joan den urriaren 7an Arkitekturaren nazioarteko eguna izan zen eta aitzakia horren pean, Tabakalera-k Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin egitasmo desberdinak eraman ditu aurrera. Horietako bat, Tabakalerako eraikin zaharren obretarako bisita gidatuak antolatzea izan da. Helburua 2015.urterako artistentzako eta hiritarrentzako sorgunea eraikitzea da eta 4.mailako ikasleok prozesu horren lekuko izan gara.

Bertara sartu baino lehen deigarria da horren kokapen ona duen eraikin eder hau urteetan zehar erabilerarik gabe egon izana. Era berean, izugarria da XIX.mende amaierako eraikuntza honek gorde ditzakeen sekretuak eta izan dezaken teknika aurreratua. Hala ere, nire ustez, interesgarriena patio eta irekidura desberdinek sortzen dituzten argi jokoak dira, baita espazioen neurrizkotasuna eta proportzioa ere. Horregatik, kalitatea da Tabakaleraren ezaugarririk nagusiena eta azkeneko emaitza ikusteko itxaron beharko dugun arren, zaharraren eta modernoaren arteko kontraste horrek itxura ona du, momentuz behintzat.




 

 

 

2013(e)ko urriaren 8(a), asteartea

SHANGHAI | Arkitekto gazteon etorkizuna ?

Gaur, urriak 8, esperientzia pertsonalean oinarritutako hitzaldia jaso dugu eskolako paraninfoan Jon Urdaneta Zeberio ikasle ohiaren eskutik. Zoriak batzuetan, eta besteetan borondateak gidatua, Shanghai hiri txinatarrean ikusi du bere burua gure protagonistak.

Bertan, profesioa ez da hemen bezain teknikoa eta diseinuan oinarritzen da gehiago. Garrantzitsuena itxura da eta horregatik oinak eta altxaerak landu baino lehen 3D-ak egiten dira, hori bai, kolore eta argiz beteak. Gainera, dirudienez, bi arkitektura mota baino ezin dira egin: neoklasiko eguneratua edo “ameba”. Edonola ere, arkitektoaren egitekoa proiektuari forma ematea besterik ez da, epe oso laburrean eta gehiegi sakondu gabe. Emaitza, beraz, sasiproiektu bat da, non ordaintzailearen iritzia arkitektoarenari nagusitzen zaion eta arkitektura arbitrarioa eta azalekoa den. Ez du axola eraikina nolakoa den barrutik, inportanteena itxurosoa, handia eta deigarria izatea da. Aipatzekoa da nire ustez teknologian eta ezagutzan hain aurreratua izanda, arkitekturarekiko horren sentsibilitate gutxi erakustea.

 Kontran, hain itxia den gizarte horrek ongi onartzen ditu Europatik etorritako arkitekto gazteak eta euren formazioan laguntzen du. Lanordu luze eta opor gutxiren ostean asko ikasten omen da eta bizi esperientzia bezala oso aberasgarria da. Badirudi Txinan etorkizuna dagoela eta ongietorriak garela.

Txinara joaten ausartzen direnentzako, Urdanetak enpresa txiki bat an-
tolatu du, laguntza eta aholkularitza eskaini nahian.
                        http://www.workinat.com/-inicio.html

2013(e)ko urriaren 7(a), astelehena

Zamorarako bidaia | 2013ko iraila


Zamora asentamendu bezala historiaurretik ezagutzen da, baina hainbat herri jaso ondoren –erromatarrak tarteko- Erdi Aroan heldu zitzaion goreneko garaia. Orduan, Erromanikoa jarraituz eraiki ziren hiriko eraikin garrantzitsuenetarikoak. Garai ilunak pasa ondoren, XVIII.mendean eztanda demografikoa jasan zuen eta mendebaldetik ekialderantz hedatu zen harresiak gaindituz. Ordutik aurrera, garai bateko erdiguneak indarra galdu du eta auzo ia periferikoa bihurtu da.

 Guzti hori aldatzeko asmoz lanean jardun da guretzat aski ezaguna den Francisco Somoza eta harriz harri altxatu du hiria. Aurreko “post”-ren batean aipatutako eraberritzeen bitartez, galdutako izaera berreskuratu du eta obra berrien bidez, hura indartzen saiatu da. Hori osatuz, beste zenbait eraikin interesagarri daude, Tuñon y Mansillarena edo Campo de Baezarena, esaterako. Emaitza, kasko historiko interesgarria da, kulturalki zein arkitektonikoki, proiektu bat garatzeko ezin hobea, erreferentziaz eta aurrexistentziaz betea, isila baina istorio asko kontatzen dituena.

 Zamora hiri gogorra da, petreoa, erliebeduna eta testura askotakoa. Guzti hori ezagutu eta bizi izan genuen eta proiektutarako baliagarriak izango zaizkigun zenbait ondorio atera ere. Orain, gure lanen bitartez, nortasun hori areagotzea dagokigu. Horretarako, bi proiektu edo tresna izango ditugu. Batetik, turismo pabilioi bat, katedralaren inguruan kokatuko dena eta erabilera gehigarriak izango dituena. Ondorioz, ongi integratutako elementu apal bat izango da. Bestetik, interpretazio zentru bat proiektatuko dugu, orube itxian eta programa zabalagoarekin, zerbait bereziagoa eta "potagonistagoa" egiteko aukera emanez.
 
Guzti honetaz aparte, bidaian Bragança eta Salamanca ere ezagutu egin genituen baina horien gaineko gogoetak beste sarreraren batean azalduko zaizkigu.

2013(e)ko urriaren 6(a), igandea

Suhiltzaileen eraikina | Easo 43, Donostia

Zirraragarria da proiektu berri bati hasiera ematea. Oraingoan, Donostia 2016 hiriburu kulturalaren egoitza garatzea egokitu zaigu, horretarako hiru elementu ditugularik: Easo kaleko Suhiltzaileen eraikin zaharra, San Bartolomeko hormatzarra eta Easo kaleko bainuetxea. Elementuon artean hiri ibilbide bat proposatzea da helburua, behin behinekoa izango dena eta plano desberdinak lotuz, aisialdi jarduerak eta zerbitzuak eskainiko dituenak.
 
Guzti hau garatzeko, pasa den irailaren 25ean lekura bisita egin genuen eta lehenengo sentsazioak jaso genituen. Hormaren presentziaz jabetzeaz gain, DSS2016ren egoitza ezagutu genuen. Bertan, diru gutxirekin eta imajinazio askorekin egin daitekeena ikasi genuen. Eraikina erakargarria da kanpotik, oso arrazionalista eta kokapen ezin hobearekin. Alabaina, barnetik, ez da gutxiagorako, azalera handia du eta bertako langileek egindako lana primerakoa da. Gainera, elementu desberdin eta oso bereziak ditu: estalki laua, dorretxoa, atzealdeko patioa, argizuloak…

Guzti honekin, argi dago irten daitezkeen proiektuak oso anitzak eta desberdinak izan daitezkeela eta interesgarriak ere. Horregatik, hoberena, lehenbailehen lanean jartzea izango da.